Jammes, Francis
Frantses olerkari eta eleberrigilea (Tournay, Bigorra, 1868 - Hazparne, Lapurdi, 1938). Francis Jammes-ek bere poemetan eta nobeletan erabili zituen gaiek eta idatz-moldeek freskura berezi bat ekarri zuten XX. mendearen hasieran Frantziako literatura dekadentera. Biarnoko Orthezen jarri zen lanean Jammes gaztea, notariaren bulegoan, eta 1891ean eman zituen argitara lehen poemak, guztiz klasikoak denak. 1893tik aurrera, ordea, neurri librean hasi zen idazten eta joera naturalista batera eraman zuen bere molde ulerterrazak, sinbolisten poesiatik urrun. 1898. urtean eman zuen argitara lehen poema bilduma, De l’Angélus de l’aube à l’Angélus du soir (Goizeko Angelusetik arratseko Angelusera), eta harekin eman zuen bere burua ezagutzera Frantzia osoan. Idazle nekaezina zen eta artikulu ugari eman zuen egunkari eta aldizkarietan. 1901. urtean bildu zituen ordu arte idatziriko artikuluak Le deuil des primevères (San Jose loreen dolua) liburuan. 1905. urtean erlijio katolikora itzuli zen, Paul Claudel lagun idazleak bultzatua, eta bertso alexandrinoa landu zuen ondoren erlijiozko poema batzuetan: Clairières dans le ciel (1906, Ostarteak zeruan); Les Géorgiques chrétiennes (1911-1912, Kristau Georgikak); Les Quatrains, (1923-1925, Lauko bertsoak). Eleberri batzuk idatzi zituen: Clara d’Ellébeuse (1899), Le roman du lièvre (1902, Erbiaren ipuina), baina olerkia izan zuen gogokoen, kristau egin zenetik bereziki. Francis Jammes Hazparnen jarri zen bizitzen 1921. urtean eta han bizi izan zen heriotza arte (1938). Euskal gaiak ere erabili zituen bere idazlanetan: Les Robinsons basques (1925, Euskal Robinsonak), Le Mariage basque (1923, Euskal ezkontza), François Etcheco, sculpteur basque 1853-1889 (1931, François Etcheco euskal eskultorea, 1853-1889).