Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Euskal Herriko Nekazarien Elkartea (EHNE)

Euskal Herriko laborarien eta abeltzainen sindikatua, 1977. urtean sortua. ■ EHNE-UGAV du izen osoa, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako EHNEk eta Arabako UAGAk osatutako konfederazioa baita. Ipar Euskal Herriko ELB ere (Euskal Laborarien Batasuna) EHNEko kide da. 1994ko datuen arabera, 6.565 kide zituen. Estatuan COAG Coordinadora de Organizaciones de Agricultores y Ganaderos elkarteko kidea da, eta Europan CPE Coordination Paysanne Européenneko kidea eta, horren bidez, Via Campesina mundu mailako elkarteko kide. Erakunde horietan guztietan du ordezkaritza EHNEk, baita Espainako zein Euskal Autonomia Erkidegoko CES (Consejo Económico y Social) eta Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordean ere; Hego Euskal Herriko nekazari eta abeltzainen ordezkaritza darama bi horietan. Bere alorreko sindikaturik garrantzitsuenetakoa izanik, EHNE izan ohi da esparru eta maila guztietan bere sektoreko solaskide nagusia. Egitura zabala du EHNEk. Bilboko egoitza zentralean, esaterako, hamar lagunez osatutako lantaldea zeukan 2000. urtean, eta beste hamabost teknikari zituen lanean herrialdeetako sindikatuen bidez. EHNEk, kide dituen baserritarren eskubideak defenditzeaz gainera, beste hainbat alorretan ere lan egiten du, informazio kanpainak eta beste bultzatuz. Zuzeneko zerbitzuak ere eskaintzen ditu, prestakuntzarekin zerikusia dutenak, besteak beste. 1997az geroztik, Maite Aristegi da sindikatuko idazkari nagusia. Lizarrako Itunaren sinatzaileetakoa da EHNE sindikatua.