Euskal Iraultzarako Alderdia. (E.I.A)
Hego Euskal Herriko alderdi politiko ohia, ezker abertzalekoa. 1977. urteko apirilean egin zuen bere lehen agerraldi publikoa Gallartako herrian. ETA politiko-militarraren Zazpigarren Biltzarrak hartu zuen 1976ko udan E.I.A. alderdia bultzatzeko erabakia eta bertara bildu ziren erakunde armatuan ibilitako kide asko eta asko. Ezker abertzaleko gainerako alderdien helburu politiko berak bazituen ere (estatu sozialista, independentea, bateratua eta euskalduna), 1977ko ekaineko hauteskundeetan, K.A.S. taldean parte hartzen zuten beste erakundeek ez bezala, Euskadiko Ezkerra koalizioa sortu eta hauteskundeetan parte hartzea erabaki zuen. Mario Onaindia aukeratu zuten alderdiko idazkari nagusi 1977ko urrian eta 1978ko urtarrilean legeztatu zuten E.I.A., estatutuetako puntu batzuk aldatu ondoren. Hasierako helburu estrategikoen atzetik zihola adierazi zuen, hala ere, E.I.A. alderdiak. 1978ko abenduan ezezkoa eman zion alderdi horrek Espainiako konstituzioari, baina, hurrengo urtean, hartan oinarrituriko autonomi estatutuaren bidetik jotzea erabaki zuen. Buruzagi eta militante askok utzi zuten alderdia erabaki horren ondoren. E.I.A.k 1979ko ekainean egin zuen bere lehen biltzar nagusia eta, independentzia eta sozialismoa helburu estrategikotzat onartu ondoren, eztabaidan zegoen autonomi estatuaren bidea onartu zuen. Euskadiko Ezkerra koalizioko alderdi politiko nagusia izan zen aurrerantzean eta ez zuen sekula hautsi ETA politiko-militarrarekiko lotura. Hirugarren Biltzar Nagusian (1982), Mario Onaindiak gidaturiko taldea nagusitu eta, E.I.A. Euskadiko Ezkerrarekin bat egitea erabaki ondoren, Espainiako estatuko ezker alderdienganako hurbiltzen hastea deliberatu zuen E.I.A.k, joera eurokomunisten ildotik. Euskal ezkerra nazio estrategia hautsi gabe, bide modernoago batzuetatik abiaraztea, eta beraz hasierako molde marxista-leninistetatik urrun, proposatzen zuen Ezker Berria taldeak (Iñaki Mujika Arregi eta Bixente Serrano Izko buru) utzi egin zuen alderdia. E.I.A. desagertu eta Euskadiko Ezkerrean jarraitu zuten bere militante gehienek.
- Euskal Herriko Gazte Orkestra (EGO)
- Euskal Herriko Karlista Alderdia (EKA)
- Euskal Herriko Laborarien Batasuna
- Euskal Herriko Nekazarien Elkartea (EHNE)
- Euskal Herritarrok (EH)
- Euskal Iraultzarako Alderdia. (E.I.A)
- Euskal Konfederazioa
- Euskal Kultur Erakundea (EKE)
- Euskal Kulturaren Batzarreak (EKB)
- Euskal Nekazarien Batasuna (ENBA)
- Euskal Nortasun Agiria