Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Euskal Herriko Karlista Alderdia (EKA)

Federalismoa, sozialismoa, autogestioa eta autodeterminazioa defenditzen dituen karlismoaren adarra, Lizarrako Itunaren sinatzailea. 2000. urteko uztailean izendatu zuen azkenik alderdi politiko –urte askoko jardunaren ostean– Espainiako Barne ministerioak, alderdi politikoen erregistroan onetsita, hainbat aldiz ezezkoa eman eta gero. Horrenbestez, izen bakar baten pean ofizializatu ziren Hego Euskal Herriko alderdi karlisten arteko aspaldiko harremanak. Hauteskunde gehienetara aurkeztu diren arren, oso emaitza kaskarrak lortu dituzte. 2000. urteko hauteskunde orokorretan, esate baterako, botoen % 0,08 lortu zuten EAEn. 2000. urteko azaroaz geroztik, Begoña Agirre Fernández nafarra da EKAren Idazkari Nagusia, Jose Angel Pérez Nievasen ordez. Bestalde, 2000. urtean hitzarmena sinatu zuen EKAk Nafarroako Gobernuarekin eta Lizarrako udalarekin, Lizarran eraiki dadin karlismoaren ondare historikoa biltzen duen museoa.