Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Euskal Kultur Erakundea (EKE)

(Fr. Institut Culturel Basque) 1990. urteko apirilean Iparraldean sortu zen euskalgintzako taldea. ■ Euskal kultura elkarteen bultzadari eta erakundeen diru laguntzari esker eratu zen. Iparraldean frantses estatuaren diru laguntzaz sortutako euskalgintzaren inguruko lehenengo higikundea da, eta Kultura ministerioaren, Akitania eskualdearen, Departamenduaren eta 145 herri biltzen dituen Euskararen Aldeko Herriarteko Sindikataren babesa du. Erakunde horren lan eremua Ipar Euskal Herri guztira hedatzen da, eta Ustaritzen du egoitza. 70 kultura elkarte badira Erakundearen partaide, eta hiru alor desberdinetan dihardu euskararen sostenguan: prestakuntza (antzerki, literatura, musika eta dantza ikastaroen bidez); sorkuntza (diru laguntzak eta laguntza tekniko eta azpiegiturazkoak eskainiz) eta hedapena (jaialdiak diruz lagunduz, ikus-entzuneko ekoizpenak babestuz…). Araudien arabera, Euskal Kultur Erakundeak euskal eta euskarazko adierazpenak bultzatzen dituzten egitasmoeri ematen die lehentasuna eta, besteak beste, bitarketari lana egin du euskararen aldeko elkarteen eta erakundeen artean. Gainerakoen egitasmoak bultzatzeaz gainera, bere ekimen propioak ere baditu. Besteak beste, Euskara agerian, bizitzaren arlo guzietan euskararen erabilpena sustatzeko xedea duten dokumentu pratiko eta pedagogikoen bilduma; EAEko eta Nafarroako gobernuekin batera, Euskal Herrian egindako ikerketa soziolinguistikoa; ondarearen aldeko eginkizunak…