Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Euskal Herriko Bakearen aldeko Koordinakundea

(Gazt. Coordinadora Gesto por la Paz de Euskal Herria). Indarkeriaren aurkako giza higikundea, 1989an sortua, Bakearen aldeko Koordinakundea eta Euskal Herriko Bakearen aldeko Elkartea bilduz. ■ Euskal Herriak bizi duen gogorkeriazko egoerari aurre egiteko gizarte zibilaren erantzun antolatu gisa definitzen du bere burua, bakezalea, hiritarra, batasunzalea, zabala eta edozein alderdi politiko edo erakundetatik aparte dagoena. Bakearen aldeko Koordinakundearen aurrekariak 1982an koka daitezke, Bakearen aldeko Artisauak izeneko higikundea kontzentrazio isilak antolatzen hasi zenean. Hilketa bat zuzenean gaitzesteko aurreneko kontzentrazioa 1985ean egin zen, eta orduz geroztik Euskal Herriko hainbat puntutan deitzen dituzte kontzentrazioak heriotzaren bat eragiten duen edozein erasoren ondoren. Bakearen aldeko Koordinakundea 1986an sortu zen, baita Euskal Herriko Bakearen aldeko Elkartea ere. 1988an egin zuen bere lehenengo manifestazioa Bakearen aldeko Koordinakundeak, Bilbon, Bakea zure esku dago goiburuaz. Urte berean, Bakearen aldeko Nazioarteko Martxa antolatu zuen. 1989. urteko maiatzean Euskal Herriko Bakearen Aldeko Koordinakundea sortu zen, bi higikunde horiek bat egin ondoren. Urte hartako urrian, Eusko Legebiltzarrak 1990eko Nobel sarirako proposatu zuen Koordinakundea. 1993an, Julio Iglesias Zamora ingeniari gipuzkoarra ETAk bahituta zeukala, haren askatasuna aldarrikatzeko begizta urdina proposatu eta zabaldu zuen, hainbat urtez ikur bilakatuko zena. Azken urte hauetan hainbat manifestazio, kanpaina, kontzentrazio eta ibilaldi egin ditu, beste ekitza askoren artean, Bakearen aldeko Koordinakundeak. ETAren jarduna ezbairik gabe salatzeaz gainera,eta ETAren aurkako higikunde hiritarrean erreferentzia bilakatzearekin batera, presoen Euskal Herriratzea, GAL auzia argitzea eta indarkeria mota guztiak deuseztatzea eskatu izan du. ETAren aurkako higikunde hiritarraren inguruko hainbat ekimen azken urteotan erabat gogortu badira ere, Bakearen aldeko Koordinakundeak, oro har, jatorrizko ezaugarriei eutsi die.