Euskal Herritarrok (EH)
Herri Batasunak eragindako hautesle elkartea, 1998ko urriaren 25ean Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan parte hartzeko osatua. ■ Orduz geroztik, eta 2002. urtea arte deitura horren pean parte hartu du hauteskundeetan Herri Batasunak. Esparru horretatik kanpo, bere deitura, egitura eta jarduerari eutsi dio HBk. Eusko Legebiltzarreko 1998ko hauteskundeetara lehendakaritzarako hautagairik gabe aurkeztu zen EH, erakunde horretan era iraunkorrean parte hartuko ote zuen argitu gabe. Hauteskundeetara aurkeztu aurretik, hala ere, Hauteskunde Batzordeak eskatutako sinadurak jaso behar izan zituen, talde berri bezala hartu baitzuten. Horrexegatik, HBk izandakoak baino diru laguntza eta hauteskunde espazio gutxiago izan zituen kanpainan zehar. Talde berritzat hartua izan zenez, ezin izan zituen jaso HBri 1994ko emaitzen arabera zegozkion 22 milioi pezetak. EAEko Legebiltzarrerako hauteskunde haietan 224.001 boto jaso zituen EHk (guztizko kopuruaren % 17,91), eta 14 eserleku eskuratu zituen Gasteizko ganberan, EAEko hirugarren indar politiko bilakaturik. Nabarmen hobetu zituen 1994an HBk lortutako emaitzak, orduko hartan 166.147 boto (% 16,29) eta 11 eserleku lortu baitzituen Herri Batasunak. EAJ suertatu zen garaile hauteskunde haietan. Hala eta guztiz ere, Eusko Jaurlaritza osatzearen ardura euren gain hartu zuten EAJk eta EAk. Gutxiengo egoera horretan, EHrekin lankidetza akordioa sinatu zuten 1999-2002 legegintzaldirako, eta Eusko Jaurlaritza EHren unean uneko babes parlamentarioarekin hasi zen lanean. Nafarroako Foru Parlamenturako 1999an egin ziren hauteskundeetara ere aurkeztu zen EH, eta 47.271 boto (emandako botoen % 15,96) eta 8 eserleku lortu zituen. Nafarroako Foru Erkidegoan ere nabarmen hobetu zituen Herri Batasunak 1995eko hauteskundeetan lortutako emaitzak, 1995ean, 27.404 boto (% 9,4) eta 5 eserleku lortu baitzituen HBk. Argitu beharra dago 1995eko foru hauteskundeetan, Herri Batasuna eta Batzarre, bakoitza bere aldetik joan zirela Nafarroan. 1999an, aldiz, lau urte lehenago 6.500 boto lortutako Batzarre Euskal Herritarrok taldearen barruan aurkeztu zen hauteskundeetara. Hala eta guztiz ere, 1995ean bi taldeek lortutako emaitzak batuta ere askoz ere hobeak izan ziren 1999an EHk lortutakoak. ETAk su-etena bertan behera utzi eta borroka armatuari berriz ekin zionean, ordea, Batzarrek jarduera hori gogor kritikatu eta EHtik irtetea erabaki zuen, nahiz eta Milagros Rubio Batzarreko ordezkariak EHren taldean zeukan eserlekua gordetzea erabaki zuen Batzarrek, eta talde mistoko kide bezala gelditzea. 1999ko udal hauteskundeetan ere oso emaitza onak lortu zituen EHk. EAEn, esaterako, botoen % 19,91 eta 679 zinegotzi lortu zituen, eta bakarka aurkezten zen alderdien artean boto gehien lortu zituena bilakatu zen. Gogoan izan behar da udalerri askotan elkarrekin aurkeztu zirela hauteskunde haietara EAJ eta EA, zerrenda bakar eta bateratuak aurkeztuz. Hauteskundeen ondoren, Hego Euskal Herriko hainbat udaletan elkarlanari ekin zioten EAJ-EAk eta EHk, alkatetzak lortzeko elkarri laguntza eskainiz. Elkarlan hura Bizkaiko 25 udaletan, Arabako 11tan eta Gipuzkoako 8tan gauzatu zen. 2000. urtearen erdialdera, ordea, bertan behera gelditu zen lankidetza udal gehienetan, ETAk su-etena bertan behera utzi eta borroka armatuari berriz ekin ondoren EHk ez baitzuen, gainerako bi alderdiek eskatu bezala, ETAren jarduna gaitzetsi. 1999ko ekainean egin ziren Europako Parlamenturako hauteskundeetan ere hartu zuen parte Euskal Herritarrok-ek, eta 223.030 boto lortu zituen, 1994ko hauteskundeetan baino 83.000 gehiago; Koldo Gorostiaga zerrendaburua europarlamentari bilakatu zen. 2000. urtean, berriz, bertan behera gelditu zen EHk Euskal Legebiltzarrean EAJ-Earekin zeukan lankidetza akordioa, eta apirilean Legebiltzarrera era iraunkorrean joateari utzi zion EHk, ordutik aurrera erakunde horretan unean-unean baino ez zuela parte hartuko adieraziz. Egoera horretara heldu aurretik, eta 2000. urteko otsailean ETAk Fernando Buesa PSE-PSOEko legebiltzarkidea hil ondoren, Juan Jose Ibarretxek berak adierazi zuen indargabetutzat ematen zuela lankidetza akordioa EHk ETAren jarduera gaitzesten ez bazuen. Handik bi hilabetera, Arnaldo Otegi EHko bozeramaile parlamentarioak eraikuntza nazional prozesuak epel jokatzea egotzi zien gainerako alderdi abertzaleei, eta lankidetza hitzarmena alde batek etenik utzi zuenez, EH konpromiso guztietatik libre sentitzen zela adierazi zuen. 2001. urteko urtarrilean, Euskal Legebiltzarreko Mahaiak EHko legebiltzarkideei soldatarik ez ematea erebaki zuen. Bestalde, 2000. urtean Espainian egin ziren hauteskunde orokorretan ez parte hartzea erabaki zuen EHk, eta abstentzioa bultzatu zuen.
- Euskal Herriko Bakearen aldeko Koordinakundea
- Euskal Herriko Gazte Orkestra (EGO)
- Euskal Herriko Karlista Alderdia (EKA)
- Euskal Herriko Laborarien Batasuna
- Euskal Herriko Nekazarien Elkartea (EHNE)
- Euskal Herritarrok (EH)
- Euskal Iraultzarako Alderdia. (E.I.A)
- Euskal Konfederazioa
- Euskal Kultur Erakundea (EKE)
- Euskal Kulturaren Batzarreak (EKB)
- Euskal Nekazarien Batasuna (ENBA)