Collor de Mello, Fernando Alfonso
Brasildar politikaria (Río de Janeiro, 1949). Ekonomian lizentziatu zen 1970ean. Aita, hedabideen munduan, Brasilgo pertsonarik boteretsuenetakoa zuen, eta ikasketak bukatutakoan familiaren prentsa negozioan sartu zen. Diktadura militar luzearen ondoren, 1989an lehen hauteskunde demokratikoak egin zirenean, presidentetzarako aurkeztu zuen bere burua, Nazio Berreraikuntzarako Alderdia izeneko alderdi eskuindar eta neoliberalaren bitartez. 1990ean, Langileen Alderdia garaitu, eta Brasilgo demokrazia aldi berriko lehen presidentea bihurtu zen. Ekonomia suspertzearren, Mundu Bankua eta Nazioarteko Diru Funtsarekin Brasilgo kanpo-zorra negoziatzeko prest agertu zen, eta azken horren aholkuei jarraituz, politika neoliberala jarri zuen abian: bankuetako ondasun guztiak sei hilabetez bere horretan uzteko agindua eman zuen. Gerora jakin zen bere ondasunak Brasilgo bankuetatik kanpora atera zituela. Amazoniako oihanak babesteko konpromisoa ere hartu zuen, eta 1992an Rio de Janeiron egin zuten Ingurumenari buruzko Mundu Biltzarra. Urte hartan bertan, ehunka mila dolar bereganatzearen salaketapean presidente kargutik eraitsi, eta auzipetu egin zuten.
- Collins, Phil
- Collins, William Wilkie
- Collins, William
- Colliure
- Collodi, Carlo
- Collor de Mello, Fernando Alfonso
- Collosseum
- Comaneci, Nadia
- Combat
- COMECON
- Comédie-Française