COMECON
(Ing. Council for Mutual Economic Assistance; Err. Sovietskaia Ekonomiatxeskaia Vzaimopomostx (S.E.V.); Eusk. Elkarren Laguntza Ekonomikorako Kontseilua). 1949. urtean, Europako ekialdeko estatu sozialisten arteko ekonomia harremanak sendotu eta elkarren laguntza teknikoa eta zientifikoa sustatzeko helburuaz Moskun sortu zen erakundea. Sobietar Batasuna, Bulgaria, Txekoslovakia, Hungaria, Polonia eta Errumania izan ziren elkarteko lehen kideak. 1950. urtean batu zitzaien Ekialdeko Alemania eta Albania (1961era arte); geroago, Mongolia (1962), Kuba (1972) eta Vietnam (1978). Jugoslavia estatu laguna izan zen 1964. urtetik aurrera eta Finlandiak elkarren laguntzarako hitzarmen bat izenpetu zuen 1973an. COMECONeko estatuek nazioarteko banku bat sortu zuten 1963an, finantza harremanak bideratzeko. 1987. urtetik aurrera hasi ziren COMECONen barneko egiturak aldetzen eta egun, Europako estatu sozialistetan izandako aldaketak direla medio, desagertu egin da.