Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Yucatan

Mexikoko ekialdeko estatua, izen bereko penintsulan. 39.340 km2; 758.355 biztanle. Hiriburua: Merida, estatuko merkataritza eta industria gune garrantzitsuena. 106 udalerri ditu. Mugak: iparraldean, Mexikoko golkoa; ekialdean, Quintana Roo estatua; hegoaldean, Quintana Roo eta Campeche estatuak; mendebalean, Campeche estatua. Ordoki zabala da, hegoaldean ehun metrotik beherako mendi sail bat duena. Kostaldeak 360 kilometroko luzera du. Klima tropikala da; batez beste 18 °C-z gorako tenperatura du. Nekazaritza da ekonomia baliabiade nagusia: laboreak, barazkiak, fruitu tropikalak, azukre-kanabera, tabakoa… Kostaldean arrantzak badu garrantzia, eta ekialdean abere hazkuntzak (behiak, ahuntzak, hegaztiak, erleak). Oso industria gutxi dago. Pita landarez egiten diren zuntzak, sokak, hamakak, ehunak lantzeko olak dira garrantzitsuenak; gainerakoan, badira elikagaiak, edariak, tabakoa eta eraikuntzarako gaiak egiteko olak. Maien aztarnategi asko daude eta horrek turismoa erakarri du. v Historia. 1824an Yucatan Mexikoko estatu bihurtu zen; 1840ean, ordea, Mexikotik banatu eta estatu burujabea izan zen. 1843an berriro ere Mexikorekin elkartu eta 1846an ostera banatu zen. “Kasten gerra” izenekoak 1847tik 1855era iraun zuen. Maiak mestizoen eta zurien aurka matxinatu ziren; hasieran maiek gerra ia irabazi zuten, baina haien arteko batasun ezak, gudalekua utzi eta artoa ereitera joan izanak eta Estatu Batuek eta Espainiak zuriei emandako laguntzak garaipena eragotzi zien. 1850etik aurrera borroka areagotu egin zen, batez ere ustez hizketan egiten zuen mirarizko gurutze batek maiak matxinatzera deitu zituenean. Maiek oihana utzi eta Chan Santa Cruz izeneko hiruburua eta santutegia sortu zuten, eta erlijio eta militar kutsuko estatu bat eratu zuten han. Maiek beren lurraldetik igarotzen zen Yucatango burdinbidea eraikitzeko lanei eraso zietenean, zuriek haien aurkako erasoaldia prestatu zuten eta 1901ean Porfirio Díaz jeneralak Chan Santa Cruz hartu zuen. Mexikoko iraultzak Chan Santa Cruz hiria maiei itzuli zien, baina haiek hiria utzi eta oihanera itzuli ziren.