Yuan Shikai
Txinatar politikari eta militarra (Hsian Cheng, 1859 - Pekin, 1916). Gorteko goi mailako funtzionaria zen. Lehen ministro eta gudarosteko buruzagi nagusi izan zen. Tz’u-hsi emakume enperadorearen garaian Kanpo Arazoetako ministro eta Kontseilu nagusiko lehendakari izendatu zuten, baina hura hil zenean haren ondorengoek karguak kendu eta gobernutik baztertu zuten. Gero, ordea, berriz deitu zioten eta, azkenik, Txinan bakea ezarri eta lurraldea bateratzeko gaitasuna zuen bakarra bera zelakoan, Txinako lehen Lehendakari izateko proposatu zuten bai enperadoreak bai Lehen ministroak, eta, hala, Lehendakari izendatu zuten (1912-1916). Parlamentua desegin eta diktadura ezarri zuen. Bere burua enperadore izendatu nahi izan zuen baina asmo hori zela eta matxinada bat antolatu zen hegoaldean, gerra zibila sorrarazi eta, azkenik, Li Yuan-hong aginpidera eraman zuena.