Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Yuan

Mongoliar nomadek Txinan ezarri zuten dinastia, Kublai Khanek 1280an sortua eta 1368 arte iraun zuena. Genghis Khanek Txinako iparraldea menderatua zuen 1215erako, baina hegoaldea 1279an eskuratu zuen Kublai Kahnek. Yuan dinastiaren agintaldian Asiara eta ekialdeko Europara zabaldu zen Txinako erresuma, baina txinatarren eta beste lurraldeetako biztanleen arteko bereizketa mantendu zuten; Yuan agintariek ez zituzten zuzenean kontrolatu erresumaren urruneko lurraldeak, lekuan lekuko aginttariak baitziren gobernuaren ordezkari. Pekin izan zen hiriburua; Ubide Handia berreraiki eta errepideak eta postetxeak eraiki zituzten. Artearen alorrean garai oparoa izan zen, baina oso tradizionala; artistek antzinako tradizioetara itzulirik, lehengo garaiak gogoratzen dituzten lanak egin zituzten. Yuan dinastiak administrazioa bateratu zuen eta aginpide autoritarioa moldatu zuen, geroko dinastiek mantendu zutena. XIV. mendeko matxinaden ondorioz desegin zen Yuan dinastia.