Youssoufi, Abderrahman
Morokoar politikaria (Tanger, 1924). Zuzenbide ikasketak egin ondoren eta legegizon gisa lan egin eta gero (Arabiar Legegizonen Batasuneko presidente izan zen 1969-1990 bitartean), Istiqlal-en sartu zen (1943tik aurrera), eta han Casablancako langileen arazoez eta Frantziara ihes egindako morokoarren arazoez arduratu zen. Muhammad V.a kargutik kendu zutenean Erresistentziako higikundea antolatzen parte hartu zuen (1953-1955). 1959an Mehdi Ben Barkarekin batera, Herri Indarren Nazio Batasuna sortu zuen, eta Attahrir alderdiaren egunkariko erredakzio buru izandatu zuten. Bitan espetxeratu zuten, 1959 eta 1963an, eta 1965-1980 bitartean erbesteratu egin zen. Herri Indarren Batasun Sozialistaren (USFO) alderdiko ordezkari egin zuten atzerrian. 1980an Marokora itzuli zenean, alderdiko idazkari izan zen, baina 1993an dimisioa aurkeztu zuen hauteskunde legegileetako iruzurraren kontra. Hala ere, 1995ean bere kargura itzuli zen. 1996an Konstituzioa berritzeko botoa eskatu zuen. 1998an, Hassan II.a erregeak abiarazi zuen demokraziarako zabalkundearen barruan, Lehen ministro izendatu zuten.