Weldon, Fay
Ingeles idazlea (Alvechurch, Worcestseshire, 1933). Gurasoak bereizi zirenean (1937), ama, amona eta ahizparekin bizitzera joan zen Christchurchera (Zeelanda Berria), eta emakume eskola batean ikasi zuen. Horregatik, "munduan emakumeak besterik ez zirela sinestuta bizi izan nintzen" dio; gizonek menderatutako mundu bateko emakumeen arteko harremanak eta emakumeen sexualitatearen izaera dira bere obrako gai nagusiak. Gero Londresa itzuli zen amarekin, eta ekonomia eta psikologia eskolak eman zituen Saint Andrews Unibertsitatean. Publizitatean ere lan egin zuen, eta ezkonduz gero antzerki lanak eta telebista eta irratirako gidoiak idatzi zituen. Geroago "fikzio makurrak" deitu den eleberri sail bat idatzi zuen, emakumeari buruz, komedia beltza eta naturaz gaindiko elementuak dotoretasun handiz baliatuz. Bere eleberri ospetsuena Emakume deabruzko baten bizitza eta amodioak (1983) da, arbuiatutako emakume baten mendekuari buruzkoa. Aipagarriak dira, halaber, Puffball (1980), haurdunaldiari buruzko eleberria, Taldeko buruzagia (1988), eta Joanna Mayren klonatzea (1989), ingeniaritza genetikoari buruzko eleberri bat. Bere hurrengo eleberrian, Splitting (1995, Zatikatua), nortasun desberdin ugariko emakume baten bizitza du kontagai.