Weizsäcker, Richard von
Alemaniar politikaria (Stuttgart, 1920). Errepublikako lehendakaria (1984-1994). Bere agintaldian gauzatu zen Alemaniaren bategitea. Berlinen eta Bernan egin zituen ikasketak. Alemaniako Gudarostean zerbitzatu zuen 1938tik 1945era, eta kapitain maila erdietsi zuen infanteria errejimentu batean. Gero, zuzenbide ikasketak egin zituen, Grenoble, Gotinga eta Oxforden, eta nazioarteko enpresa munduan hasi zen lanean, 1953an. Urtebete geroago, Batasun Kristau Demokratako kide egin zen, eta 1969an Alemaniako Legebiltzarreko kide hautatu zuten. 1979-1981 bitarteko urteetan Legebiltzarreko lehendakariorde izan zen. 1981etik 1984ra Berlin Mendebaldeko alkate izan zen, eta 1984ko maiatzean Alemaniako Errepublika Federaleko lehendakari hautatu zuten. 1994ko maiatza arte eutsi zion karguari, Alemaniako Errepublika Federala eta Errepublika Demokratikoa batu eta lau urte geroago arte. Bere agintaldiaren ekarpen nagusietako bat Alemaniari bere iragana onartzen laguntzea izan zen. Aipagarria da Bigarren Mundu Gerraren amaieraren berrogeigarren urteurrenean egin zuen hitzaldia: alemanen krimenak gaitzetsi zituen eta 1945eko maiatzeko porrota aleman herriarentzat askapena izan zela berretsi zuen.