Wellesz, Egon
Austriar musikagilea eta musikologoa (Viena, 1885 - Londres, 1974). Bizantziar musikan aditu ospetsua zen. Musikologia ikasi zuen G. Adler-ekin eta konposizioa Schoenberg-ekin. 1930-1938. urteetan Vienako unibertsitateko irakasle izan zen, eta 1939. urtetik aurrera Oxfordeko unibertsitatekoa. Schoenberg-en hamabi tonutako konposizio moldeak Wellesz-en lanetan eragina izan bazuen ere, tonalitatearen barruan lan egin zuen. Operak, balletak, bederatzi sinfonia, ganberako musika, eta eliz musika idatzi zituen.