Welles, Orson
Estatu Batuetako zinemagilea eta antzezlea (Kenosha, Wisconsin, 1915 - Hollywood, 1985). Mercury Theatre antzerki taldea sortu zuen eta Shakespeareren egokitzapen bitxiak egin zituen. 1934an irratian hasi zen lanean; 1938an H.G. Wellsen Munduen gerra irratiz eman zuen eta sekulako izua eragin zuen, jendeak martetarren inbasio bat zela uste izan baitzuen. Lan bitxi horri esker, 1939an RKO zinema produkzio etxean hasi zen lanean. 1941ean Citizen Kane (Kane hiritarra) filma egin zuen, W. R. Hearst enpresariaren bizitzan oinarritutako maisu lana, zinemaren historiako filmik garrantzitsuenetako bat, bide berriak urratu eta zinema egiteko era aldatu zuena. Hearstek gogor ekin zion filmearen aurka baina ezin izan zuen debekarazi. Hurrengo filma, The Magnificent Ambersons (1942, Ambersondarren handitasuna), familia baten bilakaera eta gainbehera kontatzen duen maisu lana da, produkzio etxeak haren gogoz kontra aldatu zuena. Zinemagile izateaz gainera, aktore izan zen besteren film askotan, eta antzerkian jardun zuen beti. Shakespeareren mireslea zen eta haren obra asko egin zituen bai antzerkian bai zineman: Macbeth (1948), Othello (1952), Falstaff (1966), Filming Othello (1978). Hainbat film utzi zituen bukatu gabe: Hearth of Darkness (1939), It’s All True (1941), Don Quijote (1957-75), The Other Side of the Wind (1970-72). Orson Welles zinemaren historiako zinemagilerik handienetako bat da, artearen beste alor batzuetan ere gailendu zena; zinemaren teknika irauli zuen eta esperimentatzaile sutsua izan zen. Beste filmak: The Stranger (1946, Arrotza), The Lady of Shangai (1948, Shangaiko dama), Mr. Arkadin (1955), Touch of Evil (1958, Deabru ukitua), The Trial (1962, Auzia), Kafkaren eleberriaren egokitzapena; F for Fake (1975).