Wang, Anshi
Txinatar idazlea eta politikaria (?, 1021 - Kiangsi-ko probintzian, 1086). Konfuzioren eta haren jarraitzaileen pentsamenduari buruzko komentarioak eta olerkiak idatzi zituen, baina gobernuan egindako berrikuntzengatik da, batez ere, ezaguna. Txinako inperioaren ekonomia eta politika antolamendua aldatzeko ahaleginak egin zituen; besteak beste, lurraren banaketa arautu zuen, nekazarientzako maileguak eskaini zituen, Txinako gudarostea berritik antolatu eta nahitaezko soldadutza ezarri zuen. Berrikuntza horiek zirela eta kritika ugari izan zituen, kontserbadoreen aldetik bereziki, eta 1076an politika utzi behar izan zuen.