Vianako printzea
(Karlos IV.a Nafarroakoa ere deitua). Nafarroako erregegaia, Vianako printzea eta Gandiako dukea (Peñafiel, Gaztela, 1421 - Bartzelona, 1461). Zuria I.a Nafarrokoaren eta Joan II.a Aragoikoaren semea, eta Karlos III.a Nafarroako erregearen biloba zen. 1423an Karlos III.ak Vianako printzerria sortu zuen harentzat eta bere ondorengo erregegaientzat. Vianako printzeari zegokion Nafarroako errege izatea ama hiltzean, hala erabaki baitzuten aitonak, amak berak eta Nafarroako gorteek. Baina Zuria 1441ean hil zenean Joan II.ak ez zuen erabaki hura aintzat hartu eta Nafarroako tenienteorde jenerala izendatu zuen semea. Bien bitartean, Joan II.a Gaztelako gatazkatan sartua zebilen, eta hango arazoetan nahasi zuen Nafarroako erreinua. 1447an Joan II.a Joana Enriquez Gaztelakoarekin ezkondu zen, legez erregetzarako eskubide guztiak galtzen zituen arren. 1449an Nafarroara itzuli zen eta 1450ean Olitera eraman zuen emaztea. Aita-semeen arteko harremanak erabat gaizkitu ziren, eta Vianako printzea Gipuzkoara joan zen. Aspaldidanik liskarrean zebiltzan nafar leinu nagusiek, agramondarrak eta beaumondarrak, bitan banatu zuten Nafarroa, Joan II.aren alde egin baitzuten lehenek eta Vianako printzearen alde bigarrenek. Horiek horrela, 1451ko irailean, erregetzarako gerra zibila piztu zen Nafarroan. Gaztelako gudarosteak zuzenean parte hartu zuen gatazka horretan, Vianako printzearen alde. Karlos printzea preso hartu zuten Oibarren, eta preso zegoela haren anaiaordea, Fernando –Fernando Katolikoa erregea izan zena–, jaio zen. 1453an askatu zuten baina 1455ean Joan II.ak Leonor alaba gazteena, Gaston Foixkoaren emaztea, hautatu zuen ondorengo, Vianako printzea eta honen arreba Zuria behin betiko bazter utzita. 1456an Napolira joan zen Vianako printzea, eta osaba Alfontso V.a Aragoiko erregearen eskuetan utzi zuen auzia, haren eta aitaren arteko bitartekaritza egin zezan, baina Alfontso V.a akordiorik gauzatu gabe hil zen, eta Joan II.ak Aragoi eta Kataluniako erreinua hartu zuen oinordekotzan. Hala, aita-semeen arteko gatazka Kataluniara hedatu zen; katalandar oligarkiak printzearen alde egin zuen, Joan II.aren autoritarismoaren aurka baitzegoen. 1460ko urtarrilean akordio batera iritsi ziren aita-semeak. Besteak beste, Vianako printzeak, aitaren barkamenaren truke, bere mendeko lurrak itzuli behar zituen eta uko egin behar zion Nafarroan eta Sizilian bizitzeari; beaumondarrek ez zuten horrelakorik onartu. 1460ko martxoan Bartzelonara iritsi zen Karlos, eta oso harrera ona egin zioten. Oinordekotzaren auzia konpondu gabe zegoen artean. Henrike IV.a Gaztelako erregeak bere arreba Elisabet –Elisabet Katolikoa erregina izango zena– Vianako printzearekin ezkonarazi nahi zuen, eta laguntza militarra eskaini zion printzeari Nafarroako koroa eskuratzeko. 1460ko abenduaren 2an, Joan II.ak preso hartu zuen printzea Leridan. Baina katalandarrek, matxinatuta, printzerriko ondorengo eta gobernari nagusi hautatu zuten printzea, eta Joan II.ak askatu egin behar izan zuen 1461eko otsailaren 25ean. Hurrengo hilean, Vianako printzea Kataluniako askatasunen babesle gisa omendu zuten Bartzelonan. Joan II.ak berak Kataluniako tenienteorde izendatu zuen. Bien bitartean, printzearen askatasunaren berriak suspertuta, beaumondarrak borrokara deitu zuten eta gerra zibila piztu zen berriro Nafarroan. Nolanahi ere, urte bereko abuztuan Aragoiko eta Gaztelako erreinuen arteko bakea izenpetu zen eta, ondorioz, erregetza lortzeko laguntzarik gabe garatu zen printzea. Urte hartako irailaren 23an hil zen tuberkulosiak jota edo, batzuen ustez, pozoituta, aitarekin behin betiko akordiora iritsi gabe. printzea hiltzean bartzelonatarrek santutzat hartu zuten. Vianako printzea kultura handiko gizona izan zen. Poesiak idatzi zituen, gaztelaniaz gehienak, eta katalaneraz gutxi batzuk, baina haren lan aipagarriena Crónica de los reyes de Navarra historia liburua izan zen, 1843an Yanguas y Miranda historiagileak zuzendua eta osatua argitaratu zena.