Vian, Boris
Frantses idazlea (Ville-d’Avray, 1920 - Paris, 1959). Ingeniaria zen lanbidez, eta literatura ezezik musika ere landu zuen –tronpeta-jotzaile, konpositore, abeslari–. 1946an, Vernon Sullivan ezizenaz, polizia eleberri amerikarren imitazio bat argitaratu zuen: J’irai cracher sur vos tombes (Tu eginen dut zuen hilobietan, Juantxo Zigandak euskaratua). Liburu horrek halako ospe eskandalagarria eman zion. Aldi berean, benetako izenaz, beste obra batzuk argitaratu zituen: L’Écume des jours (1947, Egunen aparra, Ramon Etxezarretak euskaratua), L’Automne à Pekin (1946, Udazkena Pekinen) eta L’Herbe Rouge (1950, Belar gorria) besteak beste. Liburu bitxiak eta umore handikoak dira, hizkuntza gogoz bortxatzen dutenak eta, aldi berean, existentzialismoaren gaiak zabaltzen dituztenak: gaixotasuna, endekatzea, heriotzaren absurdua. Gai horiek orobat gainerako lanetan ere agertzen dira, hala poema liburuetan (Cantilènes en gelée, 1950; Je voudrais pas crever, 1959) nola antzerki lanetan (Le Goûter des géneraux, 1950; Les Bâtissseurs d’empire, 1959). Hil zenean opera libreto bat bukatzen ari zen, Le Mercenaire.