Viana
Nafarroako erdi-mendebaleko udalerria (Lizarrako merindadearen hegoaldea). Mugak: iparraldean, Agilar-Arranotegi eta Aras; ekialdean, Bargota eta Mendabia; mendebalean, Oion (Araba), Moreta (Araba) eta Labraza; hegoaldean, Agoncillo (Errioxa). 78,7 km2. 1999ko datuen arabera, 3.488 biztanle (1986, vianarrak). Garaiera, 469 m. Ebro ibaia udalerriaren hegoaldetik igarotzen da. Industriak langileen % 68 (janari industria, altzarigintza, ehungintza, zapatagintza, eraikuntza), nekazaritzak langileen % 16 (garia, garagarra, mahatsa, olibondoak) eta zerbitzuek langileen % 16 hartzen dituzte. Inguruko herrietako 600 bat langile dira Vianan. Gotorlekutzat eraikitako herria da Viana, eta Erdi Aroko egitura eta ezaugarri batzuk gorde ditu. Aipagarriak dira San Pedro eliza (XIII. m. eta XVI. m.), XIII. mendeko Santa Maria parrokia eliza (XVI. mendeko atea eta dorrea, XVI-XVII. mendeetako erretaulak eta pinturak), XVII. mendeko San Frantzisko komentu eta eliza, Erdi Aroko harresiak, XVII. eta XVIII. mendeetako etxeak, eta XVII. mendeko udaletxe barroko-klasizista.Nafarroako Foru Erkidegoko 1986ko Euskararen Legearen arabera, eremu ez-euskaldunean dago. v Historia. 1219. urtean Antso VII.a Azkarra Nafarroako erregeak sortu zuen Vianako herri gotortua, Gaztelari aurre egitearren. 1275ean Gaztelako gudarosteek setiatu zuten herria. 1378an, hiria setiatu ondoren, gaztelarrek hartu zuten, eta 8 urtez haien mendean egon zen. XV. mendean agramondarren eta beaumondarren arteko guduak gertatu ziren. Garrantzi handiko judu auzoa izan zuen mende horretan. Fernando Katolikoak Nafarroa konkistatu zuenean (1512) Gaztelako erreinuaren mendean egon zen 11 urtez, eta Logroñoren administraziopean 1822-1823. bitartean eta 1840. urtean. Independentziako gerrak eta karlistadek galera ekonomiko handia eragin zituen. Bargota, Elizagorria eta Aras Vianako auzoak izan ziren XIX. mendea arte. 1845ean bihurtu zen udalerri.