Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Vespasiano

(Lat. Caesar Vespasianus Augustus). Erromatar enperadorea 69-79. bitartean (Falacrinae, Rieti-tik hurbil, 9 - Cutilia, Sabina, 79). Gazterik sartu zen gudarostean eta, Britainiako konkistan ospea irabazita, Afrikako prokontsul izendatu zuen Neronek. 67. urtean Judeara abiatu zen hebrearren matxinada bat zapaltzera eta Jerusalemgo hiriari setioa jarri zion Neron hil zela jakin zuenean. 69an ekialdeko gudarosteak enperadore izendatu zuen. 70. urtean gudarostea bere seme Titoren ardurapean utzi eta Erromara itzuli zen. Agintari zuhurra izan zen eta egonkortasun politikoa lortzen saiatu zen. Senatuak neurri bereziez baliatzeko aukera eman zion (Lex de imperio Vespasiani), eta, bere semea, Tito, kontsul eta ondorengo, izendatu zuen. Zerga berriak ordainarazi zituen eta, horrela, inperioko ekonomiaren hazkundea lortu zuen. Herrilan asko eginarazi zuen (Erromako kapitolioa eta koliseoa) eta, probintzietako jendeari erromatar herritartasuna eman zionez, herritarrak alde izan zituen. Bestalde, muga inguruetako babesa sendotu eta lurraldeak kolonizatu zituen.