Vesalio, Andreas
(Jaiotza izenaz Andries Van Wesel). Flandestar anatomista (Brusela, 1514 - Zanteko uhartea, Veneziako Errepublika, 1564). Lovainako eta Parisko unibertsitateetan egin zituen ikasketak. Inperioko gudarosteko kirurgilaria izan zen eta Paduako unibertsitateko anatomiako eta kirurgiako katedra sortu zuen. De humani corporis fabrica libri septem (1543, Giza gorputzaren egiturari buruzko zazpi liburukiak) obra idatzi zuen, giza anatomiako lehen liburu zehatz eta osoa, behaketa errealetan oinarritua eta irudi ugariekikoa; giza gorpuekin egindako ikerketetan oinarriturik Galenoren printzipio batzuk okerrak zirela frogatu zuen Vesaliok lan hartan eta anatomia modernoaren oinarriak finkatu zituen. 1544an Espainiara erbesteratu zen eta Karlos I.aren eta, geroago, haren seme Filipe II.aren mediku gisa lan egin zuen. 1564. urtean Jerusalemgo hilobi santura erromes joan eta itzulerako bidaian hil zen.