Versace, Gianni
Italiar diseinatzailea (Reggio, Calabria, 1946 - Miami, 1997). XX. mendeko azken hogeita bost urteetako modaren munduko diseinatzaile handienetako bat. Italiako prêt-à-porter delakoaren jaiotzaren protagonista nagusia izan zen. Gaztetan amaren tailerrean aritu zen lanean, eta 1972. urtean Milana joan zen, Genny, Complice eta Callaghan etxeekin lan egitera. 1970eko hamarraldiaren bukaeran Complice etxeak new romantic estiloa sortu zuenez geroztik, moda dotorea moda informalarekin eta emakumezkoarena gizonezkoarenarekin nahasten eta batzen saiatu zen buru-belarri. Bere jantzietan zeta, larrua, metala eta plastikoa erabili zituen, oihal estanpatuak, bordatuak eta erliebezko apaindurak. Tradizioa kontuan hartzen bazuen ere, Versacek ez zuen itzulera nostalgiko bat proposatzen, janzkera berezi eta konplexua baizik, Estatu Batuetako eragina eta gazteen kultura kontuan hartuko zituena. Bestalde, antzerki lanetarako jantziak prestatu zituen, batez ere Maurice Béjarten balleteko dantzarientzat, eta osagaiak, lurrinak, azpiko arropa eta haurrentzako arropa ere egin zuen. 1997ko uztailean Miamiko bere etxe aurrean hil zuten.