Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Versailles

Frantziako Yvelines departamenduko prefetura hiria. 97.133 biztanle. Administrazio eta turismo gunea da. Industriari dagokionez aipagarriak dira kimika, erlojugintza eta gozogintza. Monumentu ugari gorde dira, Luis XIV.ak Frantziako gortea Versaillesen ezarri zuen garaikoak bereziki; besteak beste, aipagarriak dira Versaillesko jauregia, Frantziako arkitektura klasikoaren eredu dena, eta haren inguruko lorategiak. v Versaillesko hitzarmenak. Versaillesko hirian egin diren nazioarteko itunak.  v  1756. Frantziak eta Austriak Britainia Handiaren eta Prusiaren arteko itunaren aurka (Westminster, 1756) egin zuten elkargo-hitzarmena, elkar babesteko eta laguntzeko, Zazpi Urteko Gerra (1756-1763) ekarri zuena.  v  1768. Frantziaren eta Genoaren artekoa. Genoak Korsika saldu zion Frantziari bi milioi liratan.  v  1783. Estatu Batuetako Independentziako Gerraren amaiera ekarri zuten bake hitzarmenak, Britainia Handiak Estatu Batuekin, Frantziarekin eta Espainiarekin egin zituenak.  v  1919. Lehen Mundu Gerraren ondoren, Alemaniak, gerra galdu baitzuen, bete beharrak, zehaztu zituena. Bete beharrak Britainiaren aldetik David Lloyd Georgek, Frantziaren aldetik Georges Clemenceauk, Estatu Batuen aldetik Woodrow Wilson lehendakariak eta Italiaren aldetik Vittorio Orlandok zehaztu zituzten. Lurralde asko kendu zitzaizkion Alemaniari: Alsazia-Lorena Frantziarentzat; Poznan, Hluzin, Memel eta Mendebaleko Prusia Poloniarentzat; Dantzig (edo Gdansk) hiri libre gisa geratu zen; plebiszituak egitekoak ziren, berriz, Eupen-Malmedy (Belgikako mugan), Silesia Garaia eta Ekialdeko Prusia (Poloniako mugan) eta Schleswig-eko iparraldea (Dinamarkako mugan). Sarre eta Rhin ibaiaren mendebaleko ertzeko beste lurralde batzuk Nazioen Elkartearen esku geratu ziren, baina ekonomiaren ustiapena Frantziari zegokion. Alemaniaren itsasoz haraindiko koloniak Japoniaren, Britainia Handiaren eta Frantziaren artean banatu ziren. Bestalde, gerrako kalteak ordaintzea (geroago, 33.000 milioi dolar ordaindu behar zituela zehaztu zen, ekonomialari askoren iritziz bete ezinekoa zena), eta merkataritza eta arrantza-ontzi asko, eta metal eta ikatz ekoizpenaren parte handi bat eskatu zitzaizkion. Bestalde 100.000 soldadu baino gehiagoko gudarostea osatzeko debekua jaso zuen Alemaniak. Historialari batzuen ustez neurri gogor horiek zerikusi handia izan zuten nazionalsozialismoaren gorakadan eta, ondorioz, Bigarren Mundu Gerraren sorreran.