Vertov, Dziga
(Jaiotza izenaz Denis Arkadievitx Kaufman). Errusiar zinemagilea (Bialystok, 1896 - Mosku, 1954). Futurismoaren eragin handia izan zuen. 1917an entzumenaren laborategi bat sortu zuen, hots, hizketa eta zaraten muntaketa egiteko. Albistegietako filmak egin eta muntatu zituen Errusiako gerra zibila bitartean (1918 -1921), eta Kino-Pravda zinema albistegia sortu zuen 1922an. Esperimentatzaile nekaezina zen. 1919az geroztik zinema-begia eta zinema-egia izeneko manifestu eta teoriak ezagutarazi zituen, eragin handia izan dutenak: fikziozko zinema gaitzetsi zuen eta herriaren opiotzat jo zuen. Kameraren ahalmena goraipatu zuen eta garrantzi handia eman zion muntaketari; muntaketak ikusitakoaz pentsatzen laguntzen zuela esaten zuen, eta horretarako irudiak xede baten arabera antolatu behar direla. Muntaketaz gainera, beste baliabide batzuk ere erabili zituen: irudi geldiak eta lasterrak, marrazki biziak, gaininpresioak, collage-ak… Filmak: Sagaj, Sovet! (1926, Aurrera, sovietak!), Sestaja kast’mira (1926, Munduaren seirena), Celovek kino-apparatom (1929, Kamera-gizona), Tris pesni o Lenin (1934, Hiru kantu Lenini).