Vázquez-Figueroa, Alberto
Espainiar idazle eta kazetaria (Tenerifeko Santa Cruz, 1936). Ama gazterik hila eta aita kartzelan gaixoturik eta erietxe batean sarturik, osaba batekin hazi eta hezi zen Saharan. Aurrerago Madrila joan zen kazetaritza ikasketak egitera. Ikasketak bukatuta yate zahar bat erosi eta munduari bira eman zion hamalau hilabetean. Bidaia bukatuta liburu bat idatzi zuen itsasaldian bildutako materialarekin. Handik gutxira lanean hasi zen Destino aldizkariarentzat, Ameriketako eta Afrikako bidaien erreportaiak eginez. Geroxeago La Vanguardia egunkariak kontratatu zuen Hego Ameriketako berriemaile gisa. 1960ko hamarralditik aurrera gerraz gerra ibili zen berriemaile gisa, Txaden, Kongon, Ginean eta Guatemalan, besteak beste. 1970ean Espainiako Telebistak kontratatu zuen, berriemaile gisa baita ere, eta telebistako izarretako bat bihurtu zen. 1970 inguruan idazteari ekin zion buru-belarri, eta batez ere idazle gisa da ezaguna. Asko idatzi du: Ebano (1975), Marea negra (1982, Marea beltza), Marfil (1982, Bolia), Tuareg (1984), Anaconda (1983), La iguana (1984), Océano (1984, ), Nuevos dioses (1986, Jainko berriak), Vendaval (1986, Haizetea), Cienfuegos (1988), Sicario (1991), Ciudadano Max (1992, Max hiritarra), Bora Bora (1993), etab.