Vázquez Martínez, David
Argentinar biokimikaria eta ikertzailea (Tucuman, 1930 - Madril, 1986). Egungo biokimikako gurasoetako bat. Farmazia eta kimika zientzietako ikasketak egin zituen, Madrilen lehenbizi, eta Cambridgen (Ingalaterra) gero. Antibiotikoei eta proteinen sintesi biologikoari buruzko azterketak egin zituen batez ere, Espainiako Zientzia Ikerkuntzetarako Kontseilu Gorenaren babespean. 1971. urtetik aurrera erakunde horretako ikertzaileen prestakuntza hobetzeaz arduratu zen, eta 1968tik aurrera Kontseiluaren mendeko zenbait institututako zuzendari izan zen, Biologia Zelularraren, Biokimika Makromolekularraren eta Biologia Molekularraren institutuetakoa, besteak beste. Bere ikerketan oinarrituta idatzi dituen lanak, berrehun eta berrogeita hamarretik gora, Espainiako eta atzerriko zenbait aldizkaritan argitaratu dira. Espainiako Biokimika Elkarteko zuzendari eta Madrilgo Autonomia Unibertsitateko irakasle izan da. 1985ean Ikerkuntzako Asturiasko Printzea Saria jaso zuen.