Tolosaldea
Gipuzkoa osatzen duten eskualdeetako bat. Udalerri hauek hartzen ditu bere baitan: Abaltzisketa, Aduna, Albiztur, Alegia, Alkiza, Altzo, Amezketa, Anoeta, Asteasu, Baliarrain, Belauntza, Berastegi, Berrobi, Bidegoian, Elduain, Gaztelu, Hernialde, Ibarra, Ikaztegieta, Irura, Larraul, Leaburu, Legorreta, Lizartza, Oreindain, Orexa, Tolosa, Villabona eta Zizurkil. Mugak: iparraldean, Donostialdea eta Urola-Kostaldea; ekialdean, Basaburua (Nafarroa); mendebalean, Urola-Kostaldea eta Goierri; hegoaldean, Goierri eta Basaburua. v Orografia. Eskualde menditsua da Tolosaldea, nahiz eta Ernio eta Herniozabal izan 1.000 m-ak gainditzen dituzten mendi bakarrak. Aipagarriak dira, ekialdetik mendebalera, Uzturre (735 m), Erroizpe (802 m), Urdelar (849 m) eta Ipulino (935 m) mendiak, eskualdearen erdialdean, Otzabio (897 m) eta Ulimendi (859 m) mendiak Tolosaldearen hegoaldean eta Ernioko mendialdea (1.072 m) ekialdean. Ibai sarea garrantzitsua da Tolosaldean. Gipuzkoako ibai nagusiak, Oriak, igarotzen du Tolosaldeko eskualdea hegoaldetik iparraldera. Inguruko mendietatik jaisten diren erreka ugarik isurtzen dute ura Oria ibaian Tolosaldean zehar: Amezketa, Araxes eta Eldua eskuinaldetik eta Otsarain, Lizarrandi, Bazurka eta Malakapio, ezkerraldetik. v Klima. Klima ozeanikoa da; tenperaturak epelak dira eta giroa hezea. Landaredia asko aldatu da joan den mendeaz geroztik, papergintzak zabaldu zirenetik, batez ere. Pinuak nagusitu zaizkie jatorrizko harizti, pagadi eta gaztainadiei. v Biztanleak.Eskualdeak 337 km2ko azalera du 1998ko datuen arabera (Gipuzkoaren % 17), eta 44.455 biztanle zituen guztira 1997an (Gipuzkoaren % 6,6 baino ez). 18.000 inguru biztanlerekin, Tolosa eskualde burua da udalerririk jendetsuena; 5.398 eta 4.391rekin, Villabona eta Ibarra dira, hurrenez hurren, bigarren eta hirugarren. 3.000 biztanletik hurbil dagoen Zizurkilekin batera, Alegia, Amezketa, Anoeta, Asteasu eta Legorretak gainditzen dute mila biztanleen muga, gainerako guztiak hortik beherakoak baitira. Guztietan txikiena, 1977an 77 biztanle baino ez zituen Orexa da. ■ Hizkuntzari dagokionez, euskara da argi eta garbi nagusi Tolosaldean. Batez beste, eta 1996ko datuek adierazten dutenez, urte horretan biztanleen % 72,3 euskaldunak ziren, % 13,2 ia-euskaldunak eta % 14,5 erdaldunak. Nolanahi ere, euskarari dagokionez alde handiak daude udalerri handienen eta txikienen artean. Ia erabat euskalduntzat har daitezke herririk txikienak. Euskaldun kopururik txikiena zeukan udalerrian ere –Zizurkilen, alegia –euskalduntzat zuten beren burua biztanleen % 64k. v Ekonomia. Alor ekonomikoan, eskualdea bere osotasunean hartuz gero, Gipuzkoako batez bestekoarekin gainetik gelditzen da biztanle bakoitzeko sortzen den Barne Produktu Gordinari dagokionez. EAEko indize bateratzeailea 100 eta Gipuzkoakoa 102 izanik, 111n zegoen Tolosaldea eskualdean 1996a: 2.539.000 milioi pezeta biztanleko eta urteko. EAEko, Gipuzkoako eta eskualdeko batez bestekoa aise gainditzen zuten Adunak (717 indizea), Albizturrek (176), Altzok (197), Anoetak (140), Asteasuk (154), Belauntzak (325), Berastegik (149), Elduainek (156), Ikaztegietak (197), Irurak (296) eta Zizurkilek (152). Aipagarria da Adunaren kasua (16.393.000 milioiko BPG sortu zen bertan biztanleko 1996 urtean), Arabako Legutiorekin eta Bizkaiko Zamudiorekin hori baita EAEn –biztanleen kopuruari dagokion proportzioa kontuan hartuta– aberastasun gehien sortzen duen udalerria. Batez besteko guztien erabat azpitik dauden udalerriak ere biltzen ditu eskualdeak –hala nola 50 indizera heltzen ez diren Gaztelu, Hernialde edota Ibarra–, Tolosaldearen egitura ekonomikoaren lekuko. ■ Jarduera ekonomikoei dagokienez, eskualde erabat industriala da Tolosaldea. 1996an, esaterako, eskualdean sortu zen balio erantsiaren ia erdia industriak ekarri zuen, Gipuzkoako batez bestekoaren gainetik ia 12 puntutan. Zerbitzuen ekarpena, aldiz, Gipuzkoako batez bestekoaren azpitik zegoen 15 puntutan (Lurralde Historikoko balio erantsiaren % 54 ekarri zuen urte hartan alor horrek, eta Tolosaldearen % 39 baino ez). Lehen sektoreak, berriz, eskualdearen sortutako balio erantsiaren % 3 ekarri zuen (% 1,5 Gipuzkoak urte hartan), nahiz eta eskualdeko hainbat udalerritan –Orendainen, Orexan, Larraulen edo Baliarrainen– jarduera nagusia izan, eta garrantzi handikoa Abaltzisketa, Alkiza, Elduain eta Gaztelun. Esan beharra dago, gainera, industria –beste eskualde batzuetan ez bezala– ez dela udalerri jendetsuetara mugatzen, biztanle askorik ez duten hainbat udalerritan ere –Altzon, Albizturren, Belauntzan, Berastegin edota Berrobin, esaterako– industriak ekartzen baitu bertan sortuko balio erantsiaren zatirik garrantzitsuena. Zerbitzuei dagokienez, Ibarra, Tolosa eta Villabona dira eskualdeko zerbitzugunerik garrantzitsuenak.