Tolosa
Gipuzkoako erdi-ekialdeko hiria eta izen bereko eskualdeko hiriburua, Oria ibaiaren ezkerraldean. Mugak: iparraldean, Alkiza, Hernialde, Anoeta, Irura eta Billabona; ekialdean, Ibarra eta Leaburu-Gaztelu; mendebalean, Albiztur; hegoaldean, Legorreta, Bidegoian, Alegia eta Altzo. Garaiera, 73 m. 37,9 km2. 1997ko datuen arabera, 18.082 biztanle (tolosarrak). Auzo nagusiak: Aldaba, Auzotxikia, Montezkue, Olarrain, San Blas, San Eztebe, Santa Luzi, Urkizu, Usabal eta Bedaio. 1.000 metro inguruko mendiek inguratuta dago (Ernio, 1.072 m; Herniozabal, 1.059 m; Mendikute, 805 m; Arrozpe, 801 m; Aldabamendi, 780 m), Oria ibaiak zabaltzen duen ibarrean. Tolosan bertan husten dute ura, Oria ibaian, hainbat errekek, hala nola Araxes eta Berastegi errekek eskuinaldetik eta Hernialdetik jeisten denak, ezkerraldetik. Ibai bilgune garrantzitsu batean dago, beraz, Tolosa eta ez da batere harritzekoa euri zaparrada handiak izatean uholdeak jasatea. Euskara, gipuzkera; euskaldunak eta ia euskaldunak % 78 dira. Industria (papergintza, altzairugintza, makina-erreminta, zurgintza, ehungintza, industria kimikoa, eraikintzan; langileen % 52) eta zerbitzuen alorra (Tolosaldeko adminiastrazio, finantz eta merkatalgunea; langileen % 46) dira ekonomia jarduera nagusiak. Komunikabide sare zabal batek lotzen du Tolosa Gipuzkoa eta Euskal Herriko eskualde garrantzitsuenekin: Irun-Madril trenbidea, Madril-Irun errepide nazionala eta Tolosatik Leitzarakoa. Aipagarriak dira XVI. mendeko Santa Maria parrokia eliza gotikoa, XVII. mendearen hasierako Santa Klara komentu errenazentista, XVI. mendeko San Frantzisko komentua, Izaskun Ama Birjinaren ermita eta bertan gordetzen den XIII edo XIV. mendeko Andra Mariaren irudia (Tolosako patroia), Aldabako San Migel Arkaingeruaren basilika modernoa, XVII. mendeko udaletxea, Idiakez jauregia (kasinoa), Atodo eta Yubero (Miserikordia) etxeak eta Aranburutarren (Zabala) jauregia. v Historia. 1025. urtekoak dira Tolosari buruzko lehen aipamenak; 1282. urteko dokumentu bati esker jakina da Alfontso IX.aren garaian (1185-1230) Foruen bidez gobernatzeko ahalmena zuela. Hiri-gutuna jaso aurretik hiri garrantzitsua zen, 1200. urtean hiriko Santiago elizan bildu baitziren herrialdeko prokuradoreak Gipuzkoa Gaztelako koroaren esanetara jarri behar zuen ala ez eztabaidatzearren. 1256. urtean hiri-gutuna eta Gasteizko foruen bidez gobernatzeko baimena jaso zituen Alfontso X.a Jakitunaren eskutik. 1282. urteko suteak ia zeharo suntsitu zuen hiria, baina ondorengo urteetan eskubide eta ahalmen bereziak eman zizkioten hiriari, tartean Joan II.ak emandakoa. Horren arabera, Nafarroaren eta Gipuzkoaren arteko merkataritza jarduerak Tolosatik igaro behar zuten derrigor. 1374-1392 bitartean inguruko 25 herri, auzotartasun errejimenaren pean, Tolosakoari lotu zitzaizkion: Abaltzisketa, Aduna, Albiztur, Alegia, Alkiza, Altzo, Amasa, Amezketa, Anoeta, Asteasu, Baliarrain, Belauntza, Berastegi, Berrobi, Elduain, Gaztelu, Hernialde, Ibarra, Ikaztegieta, Irura, Leaburu, Lizartza, Orendain, Orexa eta Zizurkil, herrialdeko lurraldearen seirena hartzen zuena. XVI. mendearen hasiera zoritxarrekoa izan zen oso; 1501. urteko suteak erabat kiskali zuen hiria eta ondoko urteetako gerretan (1512, Belateko gudua; 1521, Noaingo gudua) parte hartu behar izan zuten bertako biztanleek. 1615. urtean herri ugari bereizi zen auzo nagusitik: Abaltzisketa, Albiztur, Alegia, Altzo, Amasa, Amezketa, Anoeta, Baliarrain, Berastegi, Elduain, Ikaztegieta, Orendain eta Zizurkil. XVII, XVIII eta XIX. mendearen hasieran hondamendi larriak gertatu ziren uholdeek, izurriteek eta gerrek eraginda. Aipagarriak dira 1678, 1762, 1765, 1787, 1801, 1831 eta 1862. urteko uholdeak, 1707, 1784, 1794, 1804, 1808, 1828ko izurriteak eta 1854. urteko kolera, eta karlistadak eta frantsesen aurkako gerra. Hala eta guztiz ere hiri garrantzitsua zen eta 1799-1802 bitartean Korrejidorearen eta herrialdeko Diputazioaren egoitza izendatu zuten. 1841. urtean Tolosako alderdi judiziala sortu zuten eta 1844. urtean Gipuzkoako hiriburu egin zuten hiria. Hamar urtez izan zen Gipuzkoako hiriburua, 1854. urtean Donostia izendatu zuten arte.