Tolosa, Okzitaniakoa
(Fr. Toulouse) Frantziako hegoaldeko prefetura hiria, Garona Garaia departamenduan, Garona ibaiaren ertzean, Pirinioetako mendialdearen iparraldean. 383.176 biztanle (520.000 biztanle ditu hirialdeak). Artzapezpikutegia. Nekazaritza eremu oparo bateko merkataritzagune garrantzitsua da. Industria (hegazkinak, altzairuak, ehunak, papera, zapatak, beira, tresneria elektrikoa eta mekanikoa, kimika industria) da ekonomia jarduera nagusia. Monumentuei dagokienez aipagarriak dira Saint-Sernin basilika, antzinako abatetxe beneditar baten gainean eraikia eta Frantziako eliza erromaniko handiena dena; XII-XIII. mendeetako Saint-Étienne eliza gotikoa; XIII-XIV. mendeetako Jakobinoen eliza gotikoa; XVI. mendean berritutako Notre-Dame-de-la-Dalbade eliza; udaletxe bihurtu den XVIII. mendeko kapitolioa eta jauregi zaharrak. v Historia. Iberiar kulturako herri bat bizi zen Okzitaniako Tolosa aldean, K.a. IV. mendean herri zelta bat, volsco tectosagoak, nagusitu zenean. K.a. 120. urtean konkistatu zuten erromatarrek eta hiri berri bat eraiki zuten. V. mendearen hasieran, Galiako hego-ekialdeaz jabetu ziren bisigodoak eta bertan ezarri zuten beren erreinuko hiriburua. 508an frankoak nagusitu ziren hirian, eta bertatik ekin zioten herri eusko-akitaniarren aurkako erasoari. VII. mendetik aurrera Akitaniako dukerriko hiriburua izan zen eta VIII. mendearen hasieran musulmanek hartu zuten. 721. urtean, Eudon Akitaniakoak bertan menderatu zituen musulmanak; VIII. mende bukaeran frankoen esku geratu zen berriro, eta Tolosako konderria sortu zuten haiek (778). IX-XIII mende bitartean dukerri independiente gisa jardun zuen, baina XI. mendetik aurrera lurralde asko galdu zituen. XIII. mendearen hasieran, erlijio gerra giroan bizi izan zen hiria (albitarren aurkako gerra, Tolosako setioa, 1218) eta 1249an Frantziako erresumaren barnean geratu zen. XIII. mendetik aurrera kultura eta unibertsitate hiri guztiz garrantzitsua izan zen. 1420tik Frantziako Iraultza arte bertan egon zen Languedoc-eko Parlamentua, eta XVI. mendean, erlijio gerren garaian, katolikoen aldeko hiria izan zen. Merkataritza hiri tradizionala izan zen XVIII. mende amaiera arte, eta XIX. mendean, burdinbidea bertaraino iritsi ondoren, hasi zen hazten eta inguruko Lurraldeetako laborari jendea hartzen.