Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

tolteka

iz. eta izond. Antzinako leinu indiar bateko kideez esaten da. Toltekak Mexiko erdialdean bizi izan ziren VIII eta XIII. mendeen artean, baina beren zibilizazioaren urrezko aroa 900. urte inguruan hasi zen, ordu arte garrantzi handiko kultura- eta artegune izan zen Teotihuacan hiriaren gainbeherarekin batera. Teotihuacanen gainbeheraren ondoren beren hiriburua Tulan finkatu zuten toltekek. Zibilizazio aurreratua izan zen: besteak beste, arkitektura eta arte lan handiak egin zituzten (estatua erraldoiak, zutabe oso landuak), metala eta harria lantzeko teknika bikaina zuten, papera egiten zuten eta astronomia ezagupen handiak zituzten. Erlijioari dagokionez X. mendea arte Quetalcoatl izan zuten jainko nagusia, Artizarraren eta Haizearen jainkoa. X. mendean Tezcatlipoca jainkoaren gurtzaren aldekoak, eskulangileak eta merkatariak gehienak, nagusitu ziren Tulan, eta hala, Quetalcoatlen jarraitzaileek Yucatan aldera emigratu eta maien inperiora hedatu zuten tolteken eragina (maia-tolteka aldiaren hasiera); baina tolteken barne gatazka ugarien eta 1168an txitximekek Tula menderatu izanaren ondorioz toltekek indarra galdu zuten eta aztekak nagusi izan ziren garaia hasi zen, maia-tolteka kulturan oinarritu zena.