Timman, Jan
Holandar xake jokalaria (Delft, 1951). Zortzi urterekin ikasi zuen xakean, beste xake jokalari handi batzuk jokalari aditu ziren adinarekin. Batxiler ikasketak amaitu ondoren, matematika ikasketak egiten hasi zen unbertsitatean, baina amaitu gabe utzi zituen. Soldadutzari uko egiteatik kartzela zigorra ezarri zioten, eta inkonformista eta bohemio ospea hartu zuen. 1974an maisu handien mailara iritsi zen. Jokalari irregularra izan zen hasieran; garaipen eta porrot handiak izan zituen, harik eta, ezkondu ondoren (1978), bere bizimodu bohemioa alde batera utzita, bere jokatzeko moduan sakontzen hasi zen arte. Mendebaldeko maisu handien artean onena izan zen, sobietarren monopolioa hausteko gauza izan zen bakarra. 1987. urtetik aurrera munduko sailkapeneko aurreneko tokietara iritsi zen. 1990ean hautagaien txapelketako finalera iritsi zen lehenengo aldiz, baina ezin izan zuen Anatoly Karpov menderatu. 1992ko apirilean berriro iritsi zen finalera, final zortzirenetan Robert Hubner alemana, laurdenetan Victor Korchnoi errusiarra (Suitzako herritartasuna hartua, baina), eta final aurrekoetan Arthur Yusupov errusiarra menderatu ondoren. 1992ko uztailean munduko xake sailkapeneko bederatzigarren tokian zegoen. Munduko xake aldizkari onenaren erredakzioan lan egin du (New in Chess) eta xake jokoari buruzko hainbat eta hainbat artikulu eta liburu idatzi ditu.