Timor
Sondako uhartediko uharte txikietan handiena, Timor eta Savu itsasoen artean, Australiatik 500 km inguru ipar-mendebalera. Bi probintziatan banatua egon da 2002 arte: ekialdeko Timor edo Timur eta mendebaleko Timor edo Nusu Tenggara. 1976 arte Timur Portugalena izan zen, baina geroztik bi probintziak Indonesiako administraziopean egon ziren. Timur edo Ekialdeko Timorrek 14.874 km2 eta 748.000 biztanle zituen. Guztira 30.720 km2 eta 1.600.000 biztanle zituen Timorrek (1992). Hiriburua: Dili. Nusu Tenggara edo Mendebaleko Timorrek 15.850 km2 eta 852.000 biztanle ditu (1991). Hiriburua: Kupang. Orografiari dagokionez, Timor uhartea lurralde menditsua da: mendirik garaienak Gunung Ramelau (2.950 m) eta Gunung Mutis (2.427 m) dira. Timorreko klima tropikala da, baina Java eta beste uharteetakoa baino lehorragoa. Euri sasoia laburra izaten da; m2-ko 1.475 mm inguru euri egiten du. Timorreko landaredia urri samarra da: eukaliptuak, banbuak, sandaloak, kokondoak hazten dira, batez ere. Ekonomia nekazaritzan oinarritzen da ia erabat. Kopra, kafea eta tabakoa lantzen dira, besteak beste. v Historia. XVI. mendean, portugaldarrak egin ziren uhartearen jabe, baina XVII. eta XVIII. mendeetan gatazka asko izan zituzten holandarrekin eta britainiarrekin. XIX. mendean, holandarren eta portugaldarren artean banatu zuten, mugekin hainbat tirabira izan ondoren: Timur edo ekialdea portugaldarrentzat eta Nusu Tenggara edo mendebala holandarrentzat. Bigarren Mundu Gerra bukatzean, Indonesia egin zen Nusu Tenggararen jabe. Ekialdeak, berriz, portugaldarren mende jarraitu zuen 1975 arte. Urte horretan, Frente Revolucionaria de Timor Leste Independente (Ekialdeko Timorren Burujabetasunerako Fronte Iraultzailea) erakundeak lurralde burujabea deklaratu zuen Ekialdeko Timor, baina Indonesiak armaz hartu eta bere probintzia bihurtu zuen. Geroztik, Fretilin fronteak Indonesiako administrazioaren aurkako gerrillan jarraitu zuen. 2002an, Ekialdeko Timorrek independentzia deklaratu zuen eta estatu bihurtu zen. ik. Timor ekialdekoa.