Timoner, Guillermo
Katalan txirrindularia (Felanitx, Balear uharteak, 1926). Pistako probetan espezializatua. Pistako txirrindularitza Espainian ezagutarazi eta zabaltzen lagundu zuen, ordu arte oso jarraitzaile gutxi baitzituen. Urte asko eman zituen txirrindulari gisa (1941-1971 bitartean eta 1984. eta 1985. urteetan), eta sekulako garaipenak lortu zituen, baina batez ere aipagarriak ditu moto atzetik irabazitako munduko sei txapelketak (1955, 1959, 1960, 1962, 1964 eta 1965). Gainera, zilarrezko bi domina irabazi zituen 1956 eta 1958ko Munduko Txapelketetan, Munduko Kopa hiru aldiz (1960, 1963, 1965), Nazioen Sari Handiko sei titulu (1959, 1960, 1962, 1963, 1964, 1966), eta 23 Espainiako txapelketa, txirrindularitza mota eta maila desberdinetan. Azkenekoa 58 urte zituela irabazi zuen.