Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Timisoara

(Hungarieraz Temesvar). Errumaniako mendebaleko hiria eta Timis barrutiko hiriburua, Bega ibaiaren ertzean, Belgradeko hiriaren ipar-ekialdean. 333.000 biztanle. Unibertsitatea. Merkataritza eta industria (motorrak, tresneria elektrikoa eta mekanikoa, ehungintza, nekazaritzarako tresneria, kimika industria, janari industria) dira ekonomia jarduera nagusiak. Aipagarriak dira XVIII. mendeko katedral katolikoa, mende bereko katedral serbiarra, XIV. mendeko plaza eta inguruko etxeak, XIV. mendeko gaztelua (XIX. mendean berritua), antzoki nazionala eta liburutegia. v Historia. 1212. urteko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz (Temesiensis). Hungariako Karlos I.a erregearen egoitza izan zen epe labur batez. Turkiarrek konkistatu ondoren austriarrek hartu zuten (1716). Serbiarrek 1919an okupatu zuten, eta Trianon itunaren ondorioz (1920) Errumaniaren mende geratu zen.