swazi
iz. Etnogr. Swazilandiako eta Hego Afrikako Ngwane edo Swazi estatuko etnia bantua. Swaziak nekazariak eta abeltzainak dira gehienbat. 1980 inguruan 1.200.000 ziren. Beren hizkuntza, bantua, benue-kongo sailekoa da. Swaziak kokatuak diren ordokia, kostaldeko beheko eta goiko lurren artean dago. Swazien oinarrizko gizarte egitura familia da: buruzagia, bere ama eta emazteak eta semeak beren familiarekin. Lanaren banaketa sexuaren araberakoa da: gizonek gerra egiten dute, ehizara joaten dira eta aziendaz arduratzen dira; emakumeak, ordea, etxeaz eta urketaz arduratzen dira eta aleak ehotzen dituzte. Egitura politiko tradizionalak gorde dira, erregea eta bere ama hierarkiaren gailurra direlarik.