Swierzy, Waldemar
Poloniar marrazkigilea (Katowice, 1931). Arte grafikoko ikasketak egin zituen bere jaioterrian. Diploma lortu ondoren, Varsoviara joan zen eta han irakasle, antzerki dekoratzaile, marrazkilari eta kartelgile gisa lan egin zuen (zirkurako kartelak batez ere). Alor horretan berebiziko trebetasuna erakutsi zuen; animalien irudien bidez afektibitatearen koloreak erakusten zituen. Gai horrek aukera ematen zion orekaren eta grabitatearen legeei erronka egiteko. 1960ko hamarraldian Estatu Batuetako pop art higikundeak erakarri zuen bereziki. Bestalde, egin zituen erretratuetan nabarmen erakusten zuen inpresionismoa: Tadeusz Rosewicz antzerkigilea, Witkiewicz marrazkigilea. Jazz musikagileei egindako erretratuetan, berriz –Louis Armstrong (1980), Count Basie (1985), John Coltrane (1988), Thelonious Monk (1989), Stevie Wonder (1992)–, musikagilearen izaerari eusten zion, eta interpretatzen zuen musikaren garrantzia nabarmentzen zuen: Armstrong alde batetik marraztu zuen, izerdi tantez beteta, eta hortz distiratsuetan tronpeta txiki baten isla ikusten zitzaiola. Bere erretratuak 1993an erakutsi zituen Chaumont-eko arte grafikoetako nazioarteko topaguneetan. Bestalde, Swierzy ezaguna izan zen antzerkiko kaltergile gisa. Berari eman zioten Varsoviako Narodowy antzokirako egin ziren kartel guztiak erakutsiko zituen erakusketaren berri emateko ardura.