Starobinski, Jean
Suitzar medikua eta saiakeragilea (Geneva, 1920). Psikiatria eta psikoanalisian aditua. Idatzi zituen literatura kritikari buruzko saiakerek frantsesezko kritika berriaren aditu inportantenetako bat bihurtu zuten. Literatura eskolak eman zituen Baltimoreko Unibertsitatean (1953-1957), eta gero Genevakoan. Eskolak emateaz gainera, literaturari buruzko artikuluak idatzi zituen La Nouvelle Revue Française eta Tel Quel literatura aldizkari ospetsuetan. Handik gutxira bere garaiko kritikari onentsuenetzat hartu zuten. Oso ongi baliatu zuen psikoanalisiaz eta psikiatriaz zuen jakitate handia bere kritika lanari ikuspegi berezia emateko. Lanik aipagarrienak: Montesquieu par lui même (1953, Montesquieu beraren arabera), Jean-Jacques Rousseau: La transparence et l'obstacle (1958, Jean-Jacques Rousseau: gardentasuna eta eragozpena); L'inventión de la liberté (1964, Askatasunaren asmakizuna); Portrait de l'artiste en saltimbanque (1970, Artista ibiltariaren erretratua); 1789: les emblèmes de la raison (1973, 1789: Arrazoiaren ezaugarriak); Trois fureurs (1974, Hiru grina); L'oeil vivant II: la rélation critique (1979, Begi biziduna II: kontakizun kritikoa); Montaigne en mouvement (1983, Mountaigne mugimenduan). Bere libururik arrakastatsuena, baina, L'oeil vivant (1961, Begi biziduna) izan zen, Corneille, Racine, Montesquieu, Rousseau eta Stendhal-en lanei buruzko azterketa zorrotza bezain sakona.