Stapledon, Olaf
Ingeles eleberrigilea (Wirral penintsula, Liverpool ondoan, 1886 - Chesire, 1950). Gaztetan lanbide anitz ezagutu zituen. Eskola maisu ikasketak egin zituen. Bakezalea izanik, Lehen Mundu Gerra anbulantzia zerbitzuan eman zuen. Filosofia eta psikologia ikasi zituen Liverpooleko unibertsitatean, baita etika eta filosofia obrak argitaratu ere, hala nola A Modern Theory of Ethics (1932, Etikaren teoria modernoa). Alabaina, Stapledon-en fikziozko obra da ezagunena. 1930ean lehen eleberria argitaratu zuen: Last and First Men (Azken eta lehen gizonak), denbora-espazio epopeia eta zibilizazioei buruzko gogaketa. Zientzia fikzioaren ildo berekoak dira The Last Men in London (1932, Londreseko azken gizonak); Odd John (1935, John bitxia); Star Maker (1937, Izargilea). Obra horiek ukaezinezko eragina izan dute geroztikako zientzia fikzioan. Haietan, funtsezko zenbait gai agertzen dira behin eta berriro: komunikazioaren zailtasuna, ulertezintasuna, bakardadea, ni-aren batasun hauskorra.