Steele, Richard
Irlandako idazlea eta politikaria (Dublin, 1672 - Carmathen, Gales, 1729). Ikasketak Charterhouse-n eta Oxford-en egin zituen eta han ezagutu zuen Addison idazlea, gerora adiskide eta lankide izan zuena. Gudarostean sartu zen, baina 1705ean utzi zuen. 1709an The Tatler egunkaria sortu zuen; 1712an Addisonentzat lan egin zuen The Spectator egunkarian eta 1713an eta 1714an The Guardian eta The Englishman egunkarien zuzendari izan zen. Politikaren alorrean, whig alderdiko kide izan zen, 1713ean diputatu hautatu zuten baina 1714an legebiltzarretik bota zuten. Jurgi I.a errege zela Drury Lane antzerkiko zuzendari izendatu zuten. Prosa, antzerkia eta kazetaritza idatzi zituen; sentimentuen komediaren sortzaileetako bat izan zen eta literatura-kazetaritzaren oinarriak jarri zituen. Idazlanak: The Christian Hero (1701, Heroi kristaua), saiakera; The Lying Lover (1704, Maitale gezurtia), The Tender Husband (1705, Senar samurra), The Conscious Lovers (1722, Maitale kontzienteak), Terentzio-ren, Corneille-ren eta Molière-ren eragina duten antzerki lanak.