Steadman, Ralph
Britainiar marrazkilaria (Cheshire, 1936). 1952an hegazkinak eraikitzen zituen Havilland enpresan hasi zen ikasle. Ondoren publizitate etxe batean lan egin zuen, eta prentsa talde batean gero. 1958an erakutsi zuen bere lehenengo marrazkia Punch aldizkarian, eta ondoren Private Eye aldizkariko lankidea izan zen. 1970eko hamarraldian Estatu Batuetara joan zen eta han bi marrazki sail argitaratu zituen, Fear and Loathing in Las Vegas eta Steadman’s America hain zuzen ere. 1974an Australiara joan zen Radio Times Magazine-k eskatuta cricket partidak jarraitzera. Hala ere, liburuetako irudietan erakutsi zuen Steadmanek ondoen bere maisutasuna: Alizia mirarien munduan eta Ispilutik esperimentazio lanak izan ziren. Gertaera politikoekin zerikusia zuten pertsonaien karikaturak ere egin zituen; 1978an foken ehiza salatu zuen, eta horretarako emakume bat marraztu zuen odolez zipriztindutako larruzko beroki batekin. Urte horretan bertan, argazki muntaiak erabili zituen Plastic Surgery saila osatzeko. 1978an Sigmund Freuden bizitza kontatu zuen, eta 1983an Ni, Leonardo da Vinci argitaratu zuen.