Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Smith

, Adam. Eskoziar filosofo soziala eta ekonomialari politikoa (Kirkcaldy, 1723 - Edinburgo, 1790). Eskola klasiko izenaz ezagutzen den ekonomiako pentsamendu eskola sortu zuen. Haren obra nagusia, An Inquiry into the Nature and Causes of the Wealth of Nations (1776, Nazioen aberastasunaren jatorriaren eta zergatien gainean ikerketa), laissez-faire ekonomiaren edo ekonomia askearen gainean egin den lehen lan handia da, eta horrek eman zion ospea. Oinarrizko ikasketak jaioterrian egin zituen; 1737an Glasgoweko unibertsitatera joan zen filosofia eta moral ikasketak egitera; Oxfordeko Balliol College-n ere ikasi zuen geroago. 1748an erretorika eta literaturako hitzaldiak ematen hasi zen. 1725ean hasi zen ekonomia filosofiaren inguruko gaiak aztertzen. 1750ean, David Hume ezagutu zuen, izan zituen lagun askoren artean lagun minenetakoena izan zuena. Glasgowko unibertsitatean logikako eta, geroago, filosofia moraleko irakasle izan zen. 1759an arrakasta handia izan zuen The Theory of Moral Sentiments argitaratu zuen. 1767an jaioterrira itzuli zen, eta hurrengo hamar urtean Kircaldy-n eta Londres-n bizi izan zen, The Wealth of Nations liburua idazten zuen bitartean. Ekonomiako alor asko aztertu zituen, eta horien artean aipagarriak dira aberastasunaren iturrien gainean egin zituen hausnarketak. Gai horretan ez zetorren bat fisiokratikoekin; haientzat ekonomia jarduera nagusia nekazaritza zen bitartean, Smithentzat eskulangintza eta industria ere garrantzi handikoak ziren. The Wealth of Nations obran, ehiztari gizarte primitibo bat adibide gisa hartuta, aberastasuna eta balioaren teoria aztertu zituen: “kastore bat ehizatzeak orein bat harrapatzeak baino bi aldiz denbora gehiago hartzen badu, kastore baten truke bi orein emango dira merkatuan”. Smithen ustez, beraz, antzinako gizarteetan behintzat, egindako lana zen produktuen balioa neurtzeko elementu nagusia, nahiz eta gero, salgaien prezioa dagoen eskariaren eta eskaintzaren arabera finkatu zen. Obra horretan, beste ideia askoren artean, norberaren interesean oinarrituriko ekonomia sistema gidatzen duen konkurrentziaren esku-ikustezinaren ideia aztertu zuen, seguruenik Adam Smithen idearik ezagunena dena. 1777an Eskoziako aduana arantzelen eta gatzaren zergen komisionari izendatu zuten Edinburgon. Hil baino lehenxeago bere ezkuizkribuetako gehienak deuseztatu zituen.