Smale, Stephen
Estatubatuar matematikaria (Flint, Michigan, 1930). Michiganeko Unibertsitatean ikasi zuen eta doktoregoa Ann Arbor eta R. Bott-en zuzendaritzapean egin zuen. 1957an aurkeztu zuen tesia. 1956-58 urteetan Chicagoko Unibertsitatean aritu zen, eta hurrengo urteetan Princetoneko Ikerketa Aurreratuetako Institutuan eta Rio de Janeiroko Matematika Huts eta Aplikatuetako Institutuan egon zen beka bati esker. 1960an Berkeleyko Kaliforniako Unibertsitatean irakasle laguntzaile izendatu zuten; 1995ean, postu hura utzita, Hong Kong Hiriko Unibertsitatera joan zen. Moskuko Matematikarien Nazioarteko Kongresuan (1966) Fields domina eman zioten. Poincaré-ren konjeturan eta sistema dinamikoetan egin zituen Smalek ekarpenik garrantzitsuenak. Hala ere, 1970eko hamarkadan ekonomia aztertzen hasi zen, topologia eta dinamika erabiliz. Gaur egun ordenagailuen zientzia teorikoa aztertzen ari da; horretarako, Turing-en makinak eta zenbakizko analisia erabili ditu. Fields dominaz gainera, Geometriako Veblen saria jaso zuen 1966an Ameriketako Elkarte Matematikokaren eskutik.