Smetana, Bedrich
Txekiar musikagilea eta pianista (Litomysl, 1824 - Praga, 1884). Txekiar musikaren sortzailetzat hartzen da. Sei urte zituela eman zuen lehen piano kontzertua. 1848. urtean musika eskola bat sortu zuen Pragan Liszt-en laguntzarekin. Hungariar musikagilaren adiskidetasunak eragin handia izan zuen Smetanaren bizitzan. 1856-1861. urteetan Göteborg-eko Elkarte filarmonikoaren zuzendari izan zen, eta 1866-1874. urteetan Pragako Herri Antzokiaren orkestrako zuzendari. 1874. urtean erabat gorra geratu zen eta kargu guztiak utzi zituen. Smetanaren musikan herri ikuspegiak tartekatzen dira bohemiar bizimodu, kantu eta dantzekin. Lan aipagarriak ditu, besteak beste: operak: Brandenburgotarrak Bohemian (1866); Andregai saldua (1866); Dalibor (1868); Bi alargunak (1874); Musua (1876); Sekretua (1878); Libuse (1881); Deabruaren horma (1882); poema sinfonikoak: Rikardo III (1858); Wallensteingo eremua (1859); Nire aberria (1874-1879), sei poema sinfonikoko zikloa, Moldova famatuarekin; ganbera musika: harizko tresnetarako bi kuarteto, piano eta harizko tresnetarako hirukote bat, eta bohemiar herri dantzak pianorako.