Smith, Hale
Estatubatuar musikagilea (Cleveland, Ohio, 1925). Piano ikasketak 7 urte zituela hasi zituen. Musika klasikoan eta jazz musikan nabarmendu zen ikasle garaian, eta Clevelandeko Musika Institutuan lizentzia eta masterra eskuratu zituen. Musika genero askotarako zaletasuna erakutsi du, eta maisutasunez erabili ditu musika klasikoaren baitan jazzaren teknikak eta berrikuntza modernoak, adibidez serialismoa. 1958an New Yorkera aldatu zen, eta musika editore, jazz egokitzaile eta hezitzaile gisa lan egin zuen. 1970-1984 bitartean musika irakasle izan zen Connecticuteko Unibertsitatean. Bere lan nagusien artean aipagarria da Langston Hughes eta Russell Atkinsekin batera idatzitako In Memoriam--Beryl Rubenstein (1953) abesbatza eta orkestrarako lana. Urte hartan bertan ganbera opera bat eman zuen argitara, Blood Wedding. Obra instrumentalen artean azpimarratzekoak ditu Cellorako sonata (1955) eta Epicedial Variations (1956), biolin eta pianorako. 1964an By Yearning and by Beautiful idatzi zuen harizko orkestrarako eta ondoren egin zituen, besteak beste, Comes Tomorrow jazzeko kantata (1972), Harizko boskoterako bariazioak (1976), Evocation pianorako pieza (1970), eta soprano, baritono eta orkestrarako Meditations in Passage (1980). Bere karreran zehar beste hainbat musikalarirekin lankidetzan jardun du, adibidez Dizzy Gillespie, Quincy Jones, Miriam Makeba eta Hugh Masekelarekin.