Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

sexu

iz. Arra eta emea bereizten dituen ezaugarri fisikoen multzoa. ◊ Sexu organoak; ugal aparatuko kanpoko organoak. 
Sexu esespena. Lantokian, ikastetxean edo nagusia-mendekoa harremana dagoen beste lekuren batean, nagusiak mendekoari tratu onuragarri baten truke, edo bere eskariari muzin eginez gero haren aurka egingo duelako mehatxupean, sexu ordaina eskatzen dion jokabide iraingarria. Sexu askatasunaren aurkako delitu eta hoben guztietan, biktima salaketa jartzeko uzkur agertzen bada, sexu esespenaren kasuan are gehiago oraindik. Kontuan izan behar da sexu esespena lantokian gertatzen dela gehienbat, eta erasoa pairatzen duenak lanpostua galtzeko beldurra izan dezakeela. Zenbait herrialdetan sexu esespena delitu gisa tratatzen hasi dira, bortxakeria eta gainerako sexu delituak bezala, baina oraingoz eman diren legezko irtenbideak ez dira jokabide horiek eragozteko egokienak izan.  v  Biol. Sexuen bereizketa da, hain zuzen, goi mailako organismoen (landareen nahiz animalien) garapen mailaren adierazle nagusietako bat. Ernalketan, emeak ekoizten du zelula ernalgarria, obulua, animalietan, eta oosfera, landareetan; higikortasun urrikoa da, gehienetan, eta elikagai ugariz hornitua. Arrak, berriz, obulua ernaltzeko gai diren zelula ugari sortzen ditu, espermatozoideak; oso tixikiak eta higikorrak dira, elikagairik gabeak. Gehienetan, arren sexu zelulak joaten dira emearen zelula ernalgarriaren bila. Bestelako sexu bide batzuk ere badira, hala ere: hermafroditismoa (sexuak ez dira elkarrengandik bereizten, eta izaki bakoitzak bi sexuen ezaugarriak ditu: garapen maila txikiko animaliek eta landare ugarik dute); partenogenesia (emearen ezaugarriak dituen izakiak bere burua ernal dezake); isogamia (ernalketan parte hartzen duten bi izakiek sexu ezaugarri berdinak dituzte).  v  Sexu ezaugarriak. Izakiaren sexu motari dagozkion bereizgarriak. Bi motakoak dira sexu ezaugarriak: lehen mailakoak (ernalketa zelulen ekoizpenari edota izaki berriaren garapenari zuzenean lotutakoak: gonadak –barrabilak arrarengan, obulutegia emearengan–, erabateko garapenera sexu heldutasunarekin batera iristen direnak); eta bigarren mailakoak, nerabe aroan garatzen hasten direnak: bularrak, besapeko, aurpegiko eta pubiseko ilea, etab.  v  Sexu hormonak. Gonadek ekoiztutakoak dira. Obulutegiak jariatzen ditu emearen sexu hormonak: estrogenoak eta progesterona. Hormona horiek emearen ernalketa sistemaren zikloak kontrolatzen ditu. Estrogenoek, bestalde, emearen sexu ezaugarrien gararatzea eragiten dute, eta progesteronak umekia behar bezala haz dadin ezinbesteko diren emearen egitura organikoak egokitzen ditu. Arraren sexu hormonak barrabilek ekoiztuak dira: testosterona da horietan garrantzitsuena, eta hori da, hain zuzen, arraren sexu ezaugarrien garapena erregulatzen duena.  v  Sexu kromosoma. Izakiaren sexua baldintzatzen duena. Bi mota dira (X eta Y), eta horien arteko konbinaketak baldintzatzen du izakiaren sexua: XX konbinaketa emeari dagokiona da, eta XY konbinaketa, berriz, arrari dagokiona.