sextante
iz. Teknol. Latitudea eta longitudea kalkulatzeko erabiltzen den itsasbide tresna, obo seirena edo seirena ere esaten zaiona. Ortzeko gorputzek (ilargiak edo eguzkiak esate baterako) hodeiertzarekin osatzen duten angelua neurtuz erabiltzen da. Graduak markaturik izaten dituen zirkuluaren seirena (60 gradu alegia) hartzen duen arku batez osatua izaten da. Arkua bi beso finkok mugatzen dute, eta erdialdetik beso mugikor bat izaten du, haren gainean zirkuluaren zentro litzatekeenean ispilu txiki bat duela. Beso finkoetako batek horizontearekin lerroan jartzen den teleskopio bat izaten du, eta beste beso finkoak berriz ispilu biribil txiki bat, erdia baino zilar-bizizturik ez duena, beste erdiak zirkunferentziaren erditik ateratzen den seinale baten bidez ispilua hodeiertzarekin lerrotzeko erabiltzen baita. Teleskopioa eta beso finkoaren ispilua horizontalarekin lerrokatzen dira eta beso mugikorra mugitu egiten da, harik eta behatu nahi den izarra beso horrek duen ispiluan jaso eta beso finkoaren ispilu biribilean islatu eta teleskopioaz jasotzen den arte. Izarrak horizontearekin osatzen duen angelua sextanteak markaturik dituen graduez (nonio eskala) neurtzen da. Angelu hori jakinik eta erlojuz neurturiko ordu zehatzarekin, latitudea finka daiteke, ehunka metro gutxi batzuen errorearekin, argitaraturik dauden taula batzuen bitartez.