Seurat, Georges
Frantses pintorea (Paris, 1859 - Paris, 1891). Puntilismoaren aitzindaria izan zen. Familia aberatseko semea zen eta Arte Ederretako Eskolan ikasi zuen Parisen. Koloreei eta paisaiei buruzko ikerketez arduratu zen gaztetandik, eta 1883. urtetik aurrera molde inpresionista klasikoetatik aldendu zen. 1884an aurkeztu zuen Parisko Erakusketan lehen lan aipagarria, Baignade à Asnières (Bainualdi bat Asnières-en), eta, jaso zuen gaitzespenaren ondoren, Société des artistes indépendants izeneko artista elkartea sortu zuen, Paul Signac eta beste pintore batzuekin batean. 1886an, Pisarroren eskutik aurkeztu zuen bere lan ospetsuena, Le Dimanche d’été a la Grande Jatte (Uda igande bat Grande Jatte-n), puntilismoari buruzko teoriak gauzatzen zituena. Handik aurrera paisaia ugari, itsasertzeko ikuspegiak gehienak, pintatu zituen teknika haren arabera. 1888an, optika ikusmolde bereziak aurkeztu zituen La Parade du Cirque (Zirkuko erakustaldia) koadroan, eta kurba eta diagonalen bidezko egitura konplexuagoak aurkeztu zituen ondoren Le Chahut (1890, Zalaparta) eta Le Cirque (1891, Zirkua) lanetan.
- setoso
- setter
- Seul
- seuldar
- Seumberaute
- Seurat, Georges
- Severini, Gino
- Severn ibaia
- Severnaia Zemlia
- Severo Alexandro
- Severo