Schliemann, Heinrich
Alemaniar arkeologoa (Neubukow, Mecklenburg, 1822 - Napoli, 1890). Hizkuntza zahar ugari ikasi eta Errusian dirutza handia egin ondoren, Greziara joan zen (1868) Homeroren poemetan aipatzen ziren herriak aurkitzeko asmotan. 1870. urtean ustez Troia behar zuen lekuan indusketa lanak hasi zituen eta lau hiriren hondakinak aurkitu zituen, bata bestearen gainean eraikiak. Horietako hiri batean Priamo pertsonaia mitologikoaren altxorra aurkitu zuelakoan zegoen. Mizenas, Orkomeno, Tirinto eta Itakako uhartean lan egin zuen, eta Mizenasko zibilizazioko aztarna ugari aurkitu zituen. Argitara eman zituen teoria asko zuzenak ez baziren ere, bideak zabaldu zizkion greziar arkeologiari. Obra nagusiak: Ithaka, der Peloponnes und Troja (1869, Itaka, Peloponeso eta Troia), Troja und seine Ruinen (1878, Troia eta bertako hondakinak), Mykenä (1878, Mizenas). 1892an argitaratu zen bere autobiografia.